“Bidaian eskaini diguten dena ematen saiatuko gara hemen”

Etapa batzuk bakarrik, besteak Izaro Martinezegaz, bizikletan munduari bira eman dio Urdin Ugartek

Duela hogei hilabete bizikleta hartu eta Kanpazarretik gora abiatu zen Urdin Ugarte, bidaiatzeko asmoz. Izaro Martinez bere neskalaguna batu zitzaion Grezian, eta ekialderantz jarraitu zuten. Azkenerako, munduari bira eman dio elorriarrak. Joan den domekan bueltatu zen etxera, herriko jaiak hasi aurretxoan.

Zelan gogoratzen duzu irten zinen eguna?

Elurretan irten nintzen eta hasierako egunetan lagun batzuk lagundu zidaten. Lehen aste biak gogorrak izan ziren; ikusi nuen fisikoki nahiko prestatuta irten nintzela, baina bakarrik ibiltzeko ez negoen hain prest. Lau hilabete bakarrik egin nituen Europan zehar; gero, Grezian Izaro batu zen. Berez, asmoa ez zen munduari buelta ematea… Urte beteko eszedentzia hartu eta bidaiatzea zen asmoa. Hilabete inguru ibilita nengoen bizikletan, baina ez nekien zelan moldatuko nintzen. Hasieran Grezia zen helburua, eta hara Izaro etortzean Himalayara joatea pentsatu genuen. Elorriotik helburu zehatzik barik irten nuen, baina helburuak apurka etorri dira.

Aldatu egin zara hileotan?

Bai. Helburuetariko bat, abenturaz gain, jendea hemendik kanpo zelan bizi den ikustea eta ulertzea izan da. Hemen bizitzeko eredu bat daukagu. Iranen edo Indian jendea zelan bizi den ikusteak laguntzen dizu gauzak aldatzen; ez hango moduan bizitzeko, baina bai hemengo patroiak aldatzeko. Iran eta India aipatu dituzu.

Bereziak izan dira zuentzat?

Bai. Iranen ematen du gobernuak munduko beste herrietatik banatu gura duela Iran. Andreek guztiz estalita ibili behar izaten dute; Izarok ere estalita ibili behar zuen, nik praka laburrekin ezin nuen ibili… Bertara moldatzeko ilusioa geneukan, eta ondo prestatu ginen. Ikusi genuen gazteek aldatzeko gogoa dutela, baina ez direla ausartzen, gobernuak akabatu egin ditzakeelako. Kultura aldetik, etxeak harrigarriak dira. Alfonbra gainean egiten dute bizimodua, ez daukate altzaririk eta ematen du etxea hutsik dutela.

Eta Indian, zer moduz?

Gogorra izan zen, baina aldi berean flipantea. Bizikletaz ibiltzeko eta akanpatzeko ez zen erraza. Lapurreta saiakera bat ere eduki genuen. Bombay eta Agra lako hiri turistikoak ikusi genituen, baina batetik bestera joateko bi aste behar dira, eta atzerritar bat sekula ikusi ez duten lekuetan ibili ginen.

Zelan gertatu zen lapurreta?

Hiru baserriren ondoan denda ipintzeko baimena eskatu genuen ekaitz gau baten. Goizaldean gizon bi etorri ziren handik joateko esaten. Dena jarri genuen bizikletetan. Bietako batek bizikleta bat hartu eta alde egin zuen. Tipo bat, Izaro eta ni geratu ginen. Hark leku hartan emakume bat egotea ez zuen ondo ikusi. Banatu egin gura gintuen eta indarra erabiltzen saiatu zen. Azkenean Izarok spray bat bota zion.

Spray bat?

Bai. Turkian andre batek Izaro horrela bidaiatzen ikusi zuen, eta defendatzeko eman zion. Guk andre hark flipatu egiten zuela pentsatu genuen, baina hartu genion. Handik lau hiletara Indian behar izan genuen! Gizonari begietara bota, sastraketara bota, eta pasaportea eta oinarrizko gauzak hartuta arineketan egin genuen ospa. Beste etxe batean sartu ginen; manta bat utzi ziguten. Hurrengo egunean poliziara joan ginen, detektibe lanak egiten ibili ginen, eta bizikleta biak lortu eta tipo bat atxilotu zuen poliziak. Gertatutakoak asko batu gintuen, eta konturatu ginen prest geundela aurrera jarraitzeko; tipo harengatik ez zela gure bidaia izorratuko. Geroago, eszedentzia luzatu eta munduari bira ematea erabaki genuen

Hori dena bizita, Indiari buruz oroitzapen ona duzuela diozu?

Abentura bila zoaz-eta! Zelanda Berrira joan ginenean, adibidez, dena oso zainduta zegoen, akanpalekuak zeuden, trekkinga egiteko lekuak… han aspertu! Paisaia aldetik oso polita da, baina faltan bota genuen akanpada librea eta abentura. Konturatu gara paisaiaz gain kulturek asko ukitu gaituztela. Zer jaten duten, zelan, erlijioa..

Beste kulturetatik zer hartu duzue zuentzat?

Hemen nahiko hotzak garela konturatu gara. Kuriositatea badaukagu, baina ez gara galdetzeko gai. Bakoitza berera doa. Beste leku batzuetan inguratu eta galdetzera etorri zaizkigu; daukatena eskaini digute, etxea eta familia utzita bizikletagaz zertan gabiltzan ondo ulertu barik. Inguruan eta familian ohitura horiek hartu gura ditugu; eskaini diguten dena ematen saiatu gura dugu.

Anboto aldizkaria