Opor sasoian Europan hainbat bizikleta-ostera egin ondoren, bidaia luzeago bat egiteko gogoari ezin izan eutson eutsi Urdin Ugarte hogeta hamar urteko elorriotarrak. Bizikletea eta, tarte batzuetan, Izaro neskalaguna bidaide, munduari bueltea emon eta, etxetik urten ebala urte bi pasau diranean, Elorrioko plazara ailegau zan abuztuaren 29an. Etxeko ogean lo egin, ondo bazkaldu eta jaietan parrandatxuren bat egin ondoren, azken hilabeteotan bizitako esperientziak kontau deuskuz.

1.- Hasierako amesa Himalayaraino ailegetea zan. Nondik nora etorri zan plan-aldaketea?

Lehenengo eta behin, proiektua handia izan eitekeala aurreikusita, helburu errealagoak jarri genduzan. Berbarako, lehenengoa, eta oso posible ikusten genduna, Greziara ailegetea zan. Behin Greziara ailegauta, Himalayarantz jo genduan eta hara heldu ginanean konturatu ginan oso gustura gengozala plan honegaz eta abentureari ekitea erabagi genduan, atzera bueltau beharrean, ekialderantz segiduta. Bidean erabagi izan dogu beti ibilbidea, komenidu jakunaren arabera, negua eta giro hotza ebitau eta leku epeletagora joz baina monzoiakaz kontuz ibilita. Plan bat eginda joatea oso arriskutsua da, beraz, harian-harian erabagiten genduan norantz jo. Horregaitik, etxean inoiz ez neban esaten noiz bueltauko nintzan, berez ibilbidea zein izango zan be ez nekialako. Hori bai, Nepal eta gero, munduari birea emongo geuntsola argi geunkan eta herrialde batzuk finkatu genduzan, beraz, ‘marko’ baten barruan sartu genduan plana.

2.- Ganetik baino ez bada be, egiguzu ibilbidearen laburpena.

Elorriotik urten, Pirinioak zeharkatu, Frantzian sartu, Italia iparraldea, Eslovenia be ikutu genduan, gero Kroazia eta Bosnia apur bat, Albania, Montenegro eta Grezia. Handik, Turkiara, Turkiatik Georgiara eta Armenia, Iran, Iranetik hegazkinez Indiara eta gero Nepal. Bertan, bi hilabete emon genduzan mendian eta handik Tailandiara joan ginan, hilabeterako, gero beste hilabete bat Zelanda Barriko hegoaldeko irlan eta handik, Estatu Batuak eta Kanada. Kanadatik Lisboara, Galizia, Asturias… eta Elorrixora barriro. 3.- Hainbeste hilabete etxetik kanpora biziten, lanik egin barik, tartean hegaldi batzuk hartu behar… Zein izan da bidaiaren finantzazino-iturria? Bidaia hasi aurretik, hiru urte egin nituan lanean eta han irabazitakotik aurreztutakoagaz ibili naz. Hemengo gizartean, diru apur bat egin, eta auto handi bat edo telebista izugarri bat erosteko joerea dago. Nik ez dot matematika lar egin; gauza horreek erosi beharrean, diru hori aurreztu dot. Garrantzitsuena motibazinoa da.

4.- Pluralean egiten dozu berba, izan be, ibilbidea bakarrik hasi arren, Atenasen hasi eta Estadu Batuetaraino, Izaro Martinez neskalaguna izan dozu bidelagun. Zelan moldatu zaree?

Oso ondo. Lehenengo lau hilabeteetan, bakarrik ibili nintzanean, gustura nengoan. Gero, Grezian, Izaro etorri zan eta gauzak asko aldatzen dira. Momentu asko alkarbizi dozuz, onak eta txarrak, baina talde polita sortu dogu. Hamalau hilabete emon doguz alkarregaz biziten, kanpin-denda txiki batean lo egiten, eta oso gustura, biok oso pozik. Chicago-tik, Izaro zuzen etorri zan Euskal Herrira, bakarrik jarraitu neban handik etxeraino eta bakardade hori ez jatan horrenbeste gustau, oso gogorra izan zan niretzat.

5.- Zein izan da zure eguneroko errutinea, holako abentura batean errutinarik izan badaiteke?

Egunak oso trankil hartzen genduzan, ez genduan ezelako mugarik jarten, gogoen arabera jardun baino ez. Eguzkiak urteten ebanean altzau, trankil armozau eta bizikleta ganean jarten ginan. Bidean topetan genduzan gauzez gozetan genduan, arreta asko jarri eta bertatik barriro pasauko ez ginala pentsatuz. Momentuan momentuko gauzei garrantzi asko emoten geuntsan eta egun batean 80 kilometro egin ondoren, hurrengo egunean bidean lagunak egin eta eurakaz emoten genduan egun osoa. 6.- Bisitau dozuezan herrialde guztien artean, zeinetan sentidu zara hobeto? Eta zeinetan txarrago? Iranen, jentearen harrerea oso ona izan zan, etxe askotan egon ginan, jente piloa ezagutu eta bertako bizimodua barneratzeko aukerea izan genduan. Kontrara, Indian, oso gatxa zan bidaiatzea, errepideak oso arriskutsuak ziran eta kanpin-dendea ezin zan edonon jarri, arriskutsua zalako edonon lo egitea.

7.- Momentu onak eta momentu txarrak hartuko doguz gogoan.

Momentu txarrenetarikoa Indiakoa izan zan, bi gizon ez oso atsegin hurreratu jakuzan eta azkenean ospa egin behar izan genduan, gauzak bertan itxi… Momentu oso gogorra izan zan baina hor be talde ona egin genduan Izarok eta biok, gizonen kontra egin genduan. Hasieran, berbetan hasi ziran, dendea mobiduarazi euskun, gero bizikletak lapurtu gura zituan, eta azkenean indarra be erabili eban nire kontra. Orduan, Izarok Turkian emakume batek opari legez emondako spray berezi bat erabili eban eta alde egin genduan. Hurrengo egunean, poliziari esker, gauza guztiak berreskuratu genduzan. Momentu onak be, oso onak izan ziran. Guri gehien gustetan jakuna iluntzea zan, lo egiteko leku lasaia topau, afaria preparau eta trankil-trankil jan, ondoren gau izartsuak ikusteko. Egunero mobiduten genduan gure etxea leku oso politetara, eta horrek ez dauka preziorik guretzako.

8.- Bizikletearen ganean igarotako orduek arlo fisikoari eragingo eutsen baina arlo psikologikoa indartsu mantenidutea ez zan, ez, lan erraza izango…

Ez, batez be bakarrik egon nazan sasoian, hasieran, ordu asko dagozalako pentsetako. Halanda be, niri ondo etorri jat eta uste dot nire burua txukundu dodala, aurrerantzean bizimodua zelan antolatuko dodan jakiteko balio izan deust esperientziak eta Izarogaz be, momentu onak bizi dodaz. Arlo fisikoa harian-harian lantzen dozu baina psikologikoa be garrantzitsua da. Bizimodu-mueta asko ezagutzen dozuz, gu hemen modu batera bizitera ohituta gagoz, beste planteamentu batzuk ezagutu doguz eta planteamentu horreei hemen eustea da gure amesa.

9.- Bidaiari sena ez da egunetik gauera galtzen. Beste proiekturik darabizu buruan?

Orain, epe laburrerako, ez. Bidaiaz disfrutetan nabil orain be bai, pasarteak gogoratzen, bertoko bizimoduak eskaintzen dituan erosotasunez gozetan, rugby-an jokatzen be hasi naz, mendian ibilten naz… Halanda be, egon badagoz bisitetako moduko lurraldeak, Asia erdialdea, Himalayaren beste alde bat… Baleiteke inoiz hara arrimetea… ez dakidana da bizikleteagaz ala mendiko botakaz.

10.- Bizitako guztia blog baten bitartez kontau dozu eta, bertan, argazkiak be topau daitekez. Bildutako material horri etekinik atarateko amesik dozu?

Bai. Zorionez, Elorrio herri txikia da eta lagun asko daukadaz. Parra taberneak, berbarako, laster argazki-galeria bat jarriko dau eta berbaldi bat edo beste emoteko aukerea be badekot. Orain, langabezian nago eta gauzak txukuntzen nabil horrelako zeozer antolatu ahal izateko.

Saioa Torre Gereketa www.bizkaie.biz
Argazki guztiak: Urdin Ugarte, Izaro Martinez 1000milla