Urte bete inguru bidean eman ondoren, Kathmandun bota dugu aingura aste bete luzerako. Egun zoriontsuak dira bizimodu berri honetan: izara artean lo egin, jardinean tostada eta kafearekin orduak eman, hiriko txoko ezberdinetan aspertu artean irakurri, ur beroaz azala gorritu artean dutxatu…

Tenplu, pagoda zein estupa, badago zer ikusirik hirian. Hala ere, okindegietako eskaparateak dira gaur egun ahozabalen usten gaituzten eraikinak eta supermerkatuak interesgarrien derizkigun museoak. Kaleko ume galduak moxoloak ez eta goxotegietako ateetan pilatzen dira, hatzamarra tripan murgilduz, turista tripaundia intimidatu nahian. Ez da erreza donuts erdia dagoeneko ahoan duzula ume koitaduari ezikusiarena egitea, baina haurrak eskera motibatzeak ere ez dizu karma hobeago bat bermatuko.

Guk, Nepal ere ondo daztatuta, munduari hozkada on bat emango diogu, abioia hartu eta Martxoaren 1ean Bangkoken lurreratzerakoan. Euskal Herriko negu hotza kontutan izanda, hau irakurritakoan, gure web-orriaren jarraitzaile estimatuetako asko galduko dugun beldur bagara ere, Tailandiako koralez beteriko uretatik informatzen jarraituko dugu.