Gau batez gure ametsa amets-gaizto bilakatu zaigu. Beldurrezko pelikula onenetan bezala, gau trumoitsu batean gizon bik esnatu gintuzten. Ezer onik nahi ez eta azkenean spray paralizatzailea erabiltzen eta ukabilkadaka bukatu genuen. Zorionez, korrika oihanean barrena egin genuen ihes: erreka gurutzatu, sastraken artetik zuloetan erori, lopatzetan oinutzik… Tximisten argiari esker, etxe batera bidea egitea lortu genuen eta mela-mela eginda gaba plastikozko saku batzuen epeltan igaro genuen aurkituko gintuzten beldurrez.

Zelako pelikuleroak, pentsatuko duzue. Sinestezina, ezta? Izan ere, horrelakoa da herrialde hau, sinestezina. Zerbait izango da, bertako Gobernuak turismoa bultzatzeko aukeratu duen sloganak horrela dionean: India. Incredible.

Jainko hinduek bezala, Indiak ere forma ezberdinak har ditzake eta oraingoan guri, Bhairab-en antzera, bere agerpen beldurgarriena erakutsi digu. Errepidean ere, kopetilun eta letagin zorrotzekin ageri zaigu India. Ibilgailurik haundiena da oihaneko errege eta gu sakratuak ez eta piramidearen oinarrian gaude behien azpitik. Oihaneko legea bakarra da: "Blow horn". Nik ere bizikleta atzean horrela zintzilikatuko dut: Sar ezazu bozina ipurtz… "piiii". Bai, odola ozpintzen hasia zaigu.

Baina India incredible dela ez dugu guk dudan jarriko. Egunero, goizeko lehenego kilometroetan indioak bide nagusiaren arzenean kaka egiten ikusi beharra dauzkagu eta gaur kaka-mokordoak eta kamioiak eskibatzen genbiltzala, hamarnaka perikito koloretsuren hegaldiaz egin dugu topo. Incredible, ezta?

Horrelakoa da India: Bhairab eta Pashupati, pikantea eta goxoa, koloretsua eta iluna, Goa-ko hondartza zuria eta Ganges zikina, Taj Mahal-a eta 11 indio bizi diren denda-kanpaina txikia…

Gauero, horrela ba, alforjetatik balantza atera eta jartzen ditugu, alde batean zabaldutako kokoak eta ikusitako tximinoak eta bestean, autobus hiltzaileak eta indio aurpegi-luze nekezak. Zein aldetara egingo du balantzak gaurkoan? gaur India maite dugu edo gorroto dugu?